HAUR HEZKUNTZA 0-6 URTE

Ernetzen ari den hazia bezalakoa da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du.

Horregatik, haurrei bere garapena ahalbideratzeko ahalik eta testuinguru egokiena emateko asmoz, Haur Hezkuntzan KIMU proiektua jarri dugu martxan. Haur bakoitzaren eta guztien beharrei erne egon eta bere garapenean aurrera egiten lagundu ahal izateko behar duten hori eskainiz.

Haurraren garapen afektiboak konfiantza eta segurtasuna ditu oinarri, horregatik Konfiantzaren eta Integrazioaren Pedagogiaz baliatzen gara.

KONFIANTZA, helduok behar duguna, haurrak berezko dituen senetan, zeintzuk bere garapen prozesua bideratzen lagunduko dioten. KONFIANTZA haurrak bere buruarengan lortuko duena, bere garapen erritmoak errespetatzen baditugu. Eta KONFIANTZA haur eta hezitzaile artean behar dena, lotura afektiboa eginaz, haurrak segurtasun afektiboa lortu dezan.

Haurrak bere jolasaren bitartez ezagutzen du bere ingurua, ezagutza berriak, aurrekoekin INTEGRATUZ eta ez jakintzak pilatuz. 

Kimu proiektuaren ardatzak honakoak dira:

1.- HEZKUNTZA FAMILIA

Ikastolaren eta familien helburua bera da, haurraren zoriontasuna eta garapen integrala gauzatzea. Haurraren ongizaterako irakasleen eta gurasoen arteko harreman estua oinarri duen hezkuntza familia gara Ikastola.

2.-AUTONOMOAK

Haurra da bere ikaskuntza prozesua bideratzen duen agente aktiboa. Bere interesetik abiatuta ikasten du. Oso garrantzitsua da txikitatik erabakiak hartu ahal izatea, zer, noiz eta nola egin erabaki ahal izatea hain zuzen ere. Erabakimen horrek laguntzen dio haurrari bere autonomiaren garapenean.

3.- HAUR AKTIBOAK

Ikasteko beharrezkoa da ekintza. Horregatik ikastolan haur aktiboak nahi ditugu, beren garapenaren protagonista izan daitezen hain zuzen ere. Haurraren prozesu honetan, heldua bidelagun izango da.

4.- JOLASA, ESPERIMENTAZIOA ETA ESPLORAZIOA

Jolastuz, esploratuz eta esperimentatuz gauzatzen du haurrak bere garapen kognitiboa. Haurra bere burua eta ingurua ezagutzen ari den garai honetan, jolasa, esperimentazioa eta esplorazioa, ezinbesteko baliabide bilakatzen zaizkigu Ikastolan. Horretarako espazio egokituak eta material anitzak eskaintzen dizkiogu haurrari. Inguruarekin eta naturarekin harreman zuzenean egotea bermatuz.

5.- ADIN EZBERDINETAKO HAURREN INTERAKZIOA BIDERATZEN DUEN PROIEKTUA

Haurrek imitazioz eta elkarrekin izaten dituzten interakzioetan ikasten dute. Txikienek handiek egiten dutena imitatzen dute eta aldi berean, handienek txikienekiko zaintza jokaerak garatzen dituzte. Hori horrela, adin ezberdinetako haurrak egunerokotasunean elkarrekin egoteko aukera ezinbesteko oinarri da gure proiektuan.

6.- ESPAZIO ETA DENBORAREN GARRANTZIA

Haurrak bere inguruan duen testuinguruak ikaragarrizko eragina dauka bere garapenean. Haurrei beren garapenari egokitutako espazio irekiak eta goxoak eskaini nahi dizkiegu, bere ikasketa prozesua ahalbideratuko duten erronkak proposatzen dizkiegularik txoko ezberdinetan. Taldean biltzeko guneak eta adin ezberdinetako haurren arteko nahasketa bideratuz.

Denboraren banaketak ere garrantzia handia hartzen du KIMU proiektuan, haurrei beren erritmoak errespetatu eta egunerokoan haurrei eta familiei egokitutako ordu banaketa malguak eskaintzen dizkiegularik.