LH - LEHEN HEZKUNTZA 6-12 URTE

Azpeitiako Ikastola Ikasberri Kooperatiban, ikastolatik irteten diren pertsonek bizitza orekatua, osasuntsua eta zoriontsua izateko bizitzan aurkituko dituzten erronka desberdinei irtenbide egokiak emanez, gizarte hobeago bat eraikitzeko ahalmena izan dezaten, 0-18 urte bitarteko bizitza prozesu hau etapa desberdinetan banatuz eta adin tarte bakoitzeko ezaugarriak kontutan hartuz, Lehen Hezkuntzan proiektu pedagogiko berria diseinatu dugu.

Etapa honetan Haur Hezkuntzako Kimu proiektuari jarraipena emanez, lan egiteko beste modu bat eskaintzen diogu ikasleari, bere ikaste prozesua eta gelako aniztasuna errespetatzen duena, bere burua ezagutzeko aukerak ipintzen dizkiona, eta adimen anitzak garatzeko ekintzak eta jarduerak eskaintzen dituena.

Guzti hau garatzeko adin nahasketa bultzatzen dugu eta Lehen Hezkuntzako 1go, 2.go eta 3.go mailetako ikasleak ziklo bat osatuz, elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute eta elkarbizitza honetan sortzen diren hartu-emanak aurrez aurreko komunikazioa erabiliz, beraien arteko harremanak sendotzen dituzte.

Horrela konfiantza eta segurtasuna lortzen dute, garapen afektibo egokia eraikiz, ezagutza eta jakintzarako gogoa edota jakin-mina bultzatuz.

Lan egiteko era honetan irakaslea ikaslearen bidelagun izango da, testuinguru hurbilak eskainiz eta ikaslea emozionatuz, honen interesetatik proiektuak diseinatuz, beren konpetentziak garatzeko eta dagozkien edukiak jasotzeko.

Proiektu horiek talde kooperatiboetan burutzen dituzte ikaskidetza bultzatuz.

Ikaslearen garapen osoa helburu dugulako, alderdi fisikoa, kognitiboa, soziala eta afektibo emozionala izango ditugu kontuan.

Aldi honetan (6-12 urte) ikasleak, logika eta arrazoinamendua garatzen ditu, ingurua behatzen eta ezagutzen du eta ulermena nahiz espresiorako tresnak eskuratzen ditu hainbat konpetentzia garatuz:  

  • Elkarrekin ikasi”: elkarrekin ikasteak bizikidetzari begira duen garrantzia azpimarratzen du, izan ere ikaste prozesuen inguruan garatzen dira eskolako esperientzia gehienak eta esperientzia hauek aukera ematen digute: elkar ulertzeko, laguntzeko eta gatazkak ebazteko bideak esperimentatzeko eta modu sistematikoan lantzeko.

  • “Ikasten ikastea”: ulermenean oinarritutako pentsamendua, sortzailea, kritikoa, erabakiak hartzea, arazoen ebazpena, baliabide kognitiboen erabilera hobeto sustatzen dira elkarrekintzen bidez.

  • Komunikatzen ikasi”: elkarrekin ikasiz, entzuten, galdetzen, argudiatzen, eztabaidatzen ikasten dute.

  • “Ekintzailetasuna”: informazioa hartzea eta gordetzea, ideia berriak eta konponbideak lantzea, ideiak gauzatzea, inpaktuaren ebaluazioa.

  • “Norbera izaten konpetentzia”: pertsonari dimentsio guztietan garatzen laguntzeko, funtsezkoa da nork bere gorputza onartzea, emozioak kontrolatzea eta portaerak mugatzea, nork bere buruaren estimu positibo eta erreala lortzea, autonomia garatuz joatea, edertasunaz gozatzen ikastea eta emozio estetikoaren aurrean sentiberatasuna erakustea… bai gizabanako, bai gizarte-kide, bai izadi-kide den aldetik. “Norbera izaten ikasi” konpetentziak aurretiazko konpetentziak lortuz joatea eta gerora integratzea eskatzen duela uste dugu. Konpetentziaren garapenaren adierazpen oroena integrazio pertsonala da.