Ikastolako Covid arduradunarekin solasaldia

Esan beharrik ez dago, jasaten ari garen Osasun Larrialdiak, mundu osoan eragina izan duela gizakion egunerokoan. Gure Ikastolan ere hainbat jarraibide eta eskuhartze berri ezarri ziren aurreko ikasturtearen bukaeran eta aurten ere horretan gabiltza.

Ikasturte hasierako nobedaderik handienetako bat, Ikastolako Covid arduradun edo erreferentea da. Gure kasuan Esti Karrera Lazkano, Ikastolako Administrari buruak hartu du ikasturte honetan erantzukizuna.

Erreferente honen zeregin zehatzak zein diren jakin nahian, Estirena hurbildu gara galdera batzuk erantzuteko eskatuz.

Komunikazio taldea: Nola deskribatuko zenuke zure egitekoa jaso berri duzun ardura berri honetan?

Esti Karrera: Nire egitekorik garrantzitsuena Covid gaiaren inguruan Ikastolan dauden egoera guztiak jaso eta beharrezkoa den kasuetan Osasun Sailarekin kontaktuan jartzea izango litzateke.

K.T : Datuen dokumentazio lana da beraz egitekoetako bat

E.K : Bai, hala da. Covid-aren inguruan gure Ikastolan egunero dauden berrien datu base bat egiten ari gara. Gainera, egunero bidali behar izaten dugu Osasun Sailera gure Ikastolaren egoeraren berri, batik bat zenbat gela eta ikasle ditugun konfinatuak adieraziz.

K.T : Eta zein da orain arteko laburpena?

E.K : Irailean ez da izan positibo kopuru adierazgarririk, urrian aldiz nabarmenagoa, gizartean ere bestelakoa izan baita egoera.Orain artean ez dugu izan gela osorik konfinatuta. Ikasle bakarrak edo taldeak izan dira batez beste 10 egun ikastolara etorri gabe egon direnak, eta beraien etxeetatik jarraitu dituztenak ikastolako zereginak.

K.T : Eta nola hartzen da erabaki hori?

E.K : Hori da nire egitekorik garrantzitsuena. Ikasleren batek PCR probaren batean positiboa izan dela adierazten digun bezain pronto, Osasun Saileko gure erreferentearekin kontaktuan jartzen naiz. Bailarako Osasun Saileko erreferentea da, ni neu naizen moduan Ikastolan. Berak, galdeketa bat helarazten dit eta nik positibo denarekin elkarrizketa baten ondoren, hauekin lotura estua duten pertsonen berri ematen diot, aurrez osaturik dudan datu basea oinarri hartuz. Ondoren, berak egoera aztertu eta zein ikasle etxeratu behar den adierazten dit. 

Osasun Saileko arakatzaileak positibo eman duen pertsonarekin kontaktuan jartzen dira eta berak ematen dizkio jarraibideak.

K.T : Zer nolako eragina du ikasleren baten konfinamenduak ikastolako egunerokotasunean?

E.K : Irakasle eta tutoreak egoeraz eguneratuak izan daitezen, egunero nik Etapa bakoitzeko Koordinatzaileei ditugun positiboen berri ematen diet. Hauek aldi berean tutoreak informatzen dituzte. Tutoreak berriz, une horretan etxeratua dagoen ikasle eta familiarekin harremanetan jartzen dira, behar duten materiala, dela liburuak, dela ordenagailua  ikaslearen eskura jartzeko, eta etxeratua dagoen egunetan lanen jarraipena nolakoa izango den adierazteko.

K.T :Zein aholku emango zenioke Ikastolakideoi.

E.K : Orokorrean jendearen jokabidea arduratsua da, eta ezinbestekoa dela iruditzen zait  aurrerantzean ere, Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako jarraibideak betetzea.