Jaiz beteriko asteburua

Geldiunearen ondoren, indartsu datoz Ikastolen jaien inguruko ekintzak. Oraingoan, asteburura begira antolatu diren Kilometroak eta Ibilaldiari buruzko berriak ditugu.

Denok dakigu Kilometroak proiektuan abestiak eta bideoklipak garrantzi handia dutela, eta horregatik, aurkezpen-ekitaldi berezia egiten dela horiek plazaratzeko. Aurten, aurkezpen hori apirilaren amaieran egiteko asmoa zuten Kilometroak 2020ren antolatzaileek, baina, bizi dugun egoerak hala bultzatuta, ezin izan zuten halakorik egin. Abestia bukatuta dago ordea, eta Kilometroak proiektua bizirik dagoen adierazgarri, abestia plazaratzea erabaki dute.

Abestiaren doinua Xabi Zubeldiak egin du eta hitzei dagokienez, Amaia Agirrek jarri dizkio hitzak abestiari.

Abestiaren aurkezpen-ekitaldia online izango da, eta zuzenean emango dute bihar, ostirala, ekainak 29. 12:00etan aurkezpen bideoa zabalduko dute eta 12:15ean abestia, hurrengo plataforma hauetan: Facebook, Instagram, Twiter, Youtube, Soundcloud eta kilometroak.eus webgunean.

Larunbatean, berriz, abestia herritarroi aurkeztuko digute: 12:00etatik aurrera. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen barrena ibiliko da Pauxa autoz abestia plazaratzen, guztiok abestiaz gozatzeko aukera izan dezagun, baina, betiere, segurtasun-neurriak errespetatuz eta autoaren inguruan jenderik pilatu gabe.

Ibilaldiak ere ekitaldi berezia egingo du igande honetan, maiatzak 31, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia ospatu behar zen egunean. Jakina den moduan, aurtengo Ibilaldia urrira atzeratu da, baina aurreikusita zegoen eguneean ere zerbait berezia egin behar zutela erabaki zuten.

Urruneko emisio baten bidez egingo dute ospakizun berezi hau, goizeko 11:00etan hasita, eta Ibilaldia-ren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango zaio. 

"Saio polit eta entretenigarria" izango dela aurreratu dute Elorrioko Txintxirri ikastolako antolatzaileek. Berba gutxi eta ikuskizun ugarirekin osatu dute (musika, dantza, bertsoak, magia...). Gainera, Bizkaiko haibat  ikastolatik ikasleen bideoak jaso dituzte, eta horiek ikusteko aukera ere egongo da, aurkezle berezi baten eskutik, gainera, ume eta gaztetxoen artean oso ezaguna dena.