Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen

Ikastolako hainbat irakaslek beren gomendioak bidali dizkigute Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Edozein une izan daiteke aproposa liburu eder baten orrietan galtzeko, beraz, gozatu!

“La mujer habitada” (Gioconda Belli)

Idazle honen liburu eta poesia guztiak gomendatuko nituzke, baina bat aukeratzekotan “La mujer habitada” izango litzateke. Istorio honek narratiba eta poesia nahasten ditu, elementu errealak eta irrealak tartekatuz.  “La mujer habitada” diktaduraren kontra borrokatzeko eta pertsonok gizarte gisa egiten dugunaren inguruan hausnartzeko baliagarria gerta daiteke. Gehiago dena, protagonista emakumeon iraultzaren adibide argitzat ere har genezake. Laburbilduz, inor epel uzten ez duen eleberria da.

IANIRE CARRASCO

"Liburu bat" (Hervé Tullet)

Nire gomendioa irakurketaren munduan hasi berriak diren haurrei zuzendua da: Hervé Tullet frantziarraren "Liburu bat" album ilustratua (TTARTTALO). Koloreak, formak erabiliz, jolastuz ikasteko liburu polita. Nire seme alabekin memento politak igarotzen ditut liburu honekin!

MAITE BEREZIARTUA

Gomendatzen dizkizuedan hiru liburu hauek irakurlea istorioan ere bat murgiltzen dute eta zirraran mantentzen dute bukaera arte. Irakurgai erraz eta atseginak dira.

“Arotzaren eskuak” (Alberto Ladrón Arana)

2006. urtean plazaraturiko intrigazko eleberria da. Hil berri den aitonaren baserrian aurkitutako gorpua eta bestelako aztarnak erailketa segida baten berri emango diote bilobari. Hasiera batean, hiltzailetzat aitona jotzen badu ere, bere kabuz daraman ikerketak ustekabeko emaitza izango du azkenik.

“Arrutiren banda” (Jon Arretxe)

Nobela honen trama Basaurin kokatzen da. Hasiera-hasieran azaltzen da konkistatu beharreko altxorra, lapurreta baten fruitu eta urmael batean gordeta  dagoena. Nobela honetako pertsonaia nagusiak altxorra  eskuratzeko ahaleginean lehiatuko dira. Azpijokoz, intrigaz, gezurrez betetako trama honetan, ezer ez da ematen duena. Erritmo bizian garatzen da haria eta bukaera arte suspensean mantentzen du irakurlea.

“Aulki jokoa” (Uxue Alberdi)

Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia ... gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.

JAIONE SAGARTZAZU

 

“El silencio de la ciudad blanca”  (Eva García Sáez)

Egia esan, liburuen zerrendan egunerokotasunarekin lotutako aukerak edukitzen ditugu. Memento honetan beste zerbait behar nuen eta utzitako trilogia bati heldu diot, Eva García Sáenzena. El silencio de la ciudad blanca izan da lehenengoa. Gozatu egin dut, "engantxatu "egin naiz eta di-da batean amaitu dut. Orain bigarrena daukat esku artean eta dagoeneko gaian murgildu naiz, Los ritos del agua.

Bakoitzak bere gustukoa bilatu eta irakurtzen gozatzea da gakoa!!!!

OLATZ LARREA

 

“YO, SAFIYA” (Safiya Hussaini eta Raffaele Masto) 

Liburu honetako protagonista 35 urteko neska nigeriarra  da. Erlijioa eta kultura dela eta apenas 16 urte dituenetik bere bizitza etengabeko sufrimendua eta borroka da. Eleberrian zehar agertzen diren bizipenak eta sentimenduak gure errealitatetik oso urrun aurkitzen dira. Hori horrela,  hainbat errealitate  ikusi eta gure inguruan duguna aztertu eta baloratzen ikasteko liburu hau irakurtzera gonbidatzen zaituztet. 

Amaitzeko,liburuan zehar irakurritako esaldi hau azpimarratzea gustatuko litzaidake, oso adierazgarria baita.

"En Tungan Tudu y en los demás poblados de Nigeria, lo "poco" y lo "nada" de los demás pueden serlo todo. Incluso la felicidad"  

NAROA SORAZU

“Pájaros en la cabeza” (Rocio Araya)

Sofiak galdera sorta bat egiten dio irakasleari, gure bizitza askea ote den hausnartarazten diolarik. Sofiak, buruan dituen “ txorietako” bat oparitzen dio, bere izateko modua eta munduan egoteko moduaren hausnarketara eramaten duelarikAlbum hau oso xumea eta sakona da, haurrek egiten dituzten galderen moduan. Gure bizitzako askatasunari buruzko hausnarketara eramaten gaitu.

MARI AZKUE ETA MAITE EGIGUREN

 

“33 ezkil” (Miren Gorrotxategi)

Oso arina da, lehen orrialdetik engantxatzen zaitu eta...idazlea,  azpeitiarra.

MAITE URBISTONDO

 

“Harrian Mezua” (Alberto Ladrón Arana) eta “Las Hijas de la Tierra” ( Alaitz Leceaga)

Nire gomendioak dira... Alberto Ladron Arana idazle iruindarraren Harrian Mezua eta Alaitz Leceaga idazle bilbotarraren Las Hijas De la Tierra. Ea gustukoak dituzuen! 

EDURNE MUÑOA

 

 “Kezkamuxelak”  (Anthoney Browne)

Une hauetan egoera kezkagarria dugu gure artean, eta “hobeto” eraman ahal izateko polita iruditzen zait. Bukaeran proposatzen duen eskulanak ere lagundu dezake egoera berean sentitzen bazara.

AMAIA OSA

 

Ondorengo loturetan dituzue aukera gehiago:

www.liburutegiak.euskadi.eus

Irakurgaien zerrenda

 

Edozein libururen bertsio elektronikoa eskuratzeko (eta baita pelikulak ere) Eliburutegia duzue (http://www.eliburutegia.euskadi.eus/?locale=eu). Liburutegiren bateko bazkide baldin bazarete, idatzi ondorengo emailera zuen datuekin eta Eliburutegira sarbidea eskatzen: liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus Ez bazarete bazkide inongo liburutegitan, helbide bera idatz dezakezue bazkide egin nahi duzuela esanez. Galdetegia bete ostean, helaraziko dizue sarbidea.