"Entzun energiaren ahotsa" kanpainarekin bat gure ikastola

Euronet 50/50 Europako programaren barruan, bailarako ikastetxeetan energia aurrezteko helburuarekin, Entzun energiaren ahotsa kanpaina jarri du martxan eskualdeko hainbat eragilek. Atzo, astelehena, aurkeztu zuten kanpaina Basazabal jauregian, eta hitzarmena sinatzen izan ziren Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzen garapen agentziako lehendakaria eta Urola Erdiko Energia Mahaia osatzen duten ikastetxeetako ordezkariak.

Energia Mahaiaren barruan dauden sei ikastetxeek parte hartuko dute Entzun energiaren ahotsa programan: Urola Ikastola BHIk, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Iraurgi Ikastetxeak, eta Azkoitia BHIk. Kanpainaren helburu nagusia ikastetxe horietan energia kontsumoa aurreztea da, energiaren erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak ezarrita. Zentro bakoitzean aurreztutakoa kontsumo txikiagoa duten eta energiaren eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen duten ekintzetan inbertituko dute. Horrez gain, programaren barruan ikasleei energia aurrezteko aholkuak emango dizkien Lur izeneko pertsonaia bat sortu dute.