"Argi neukan irakaskuntza zela nik nahi nuen arloa" Luken Galarraga(Azpeitia 1992)

Gustura kontatzen du Luken Galarragak (Azpeitia, 1992) Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lehen promozioko ikasleetako bat dela. Alegia, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ibilbide osoa egin zutenetako ikasle bat izan zela. "Ikastolan behe-behetik hasi ginen, eta Batxilergoa bukatu arte ibili ginen bertan", azaldu du. Ikastolan igarotako urteek oroitzapen onak uzi dizkiote Galarragari. Ekintzailea da. Ausarta. Bere bidea jorratu du ikasiz eta lan eginez; izan nahi duen hori kontuan hartuta erabakiak hartuz.

Ikastolako ikasle zineneko garaiak nola gogoratzen dituzu?
Beti esan izan dut Ikastola garaiko oso oroitzapen onak ditudala. Irakasle gehienen oroitzapen oso ona daukat, ondo moldatzen ginen haiekin; hori bai, haiek ere izango dute zer esateko hor! [Kar, kar, kar]. Ikasleon artean  gelan oso giro ona genuen, txiki-txikitatik elkarrekin hazi eta batera ibili ginen. Oraindik ere harreman oso ona izaten jarraitzen dugu elkarrekin. Izango ziren irakasleentzako oso erosoak ez ziren egoerak ere tartean, beti izaten direlako etapa errebeldeago batzuk. Etapa horiek salbu, giro ona genuela esango nuke.

 

Ikastolako ikasketak bukatu ondoren ere itzuli izan zara Ikastolara, unibertsitateko ikasketetako praktikak egitera. Aldaketarik ikusi al duzu Ikastolan?
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradua (SHEE-IVEF) ikasi nuen Gasteizen, EHUren Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta Ikastolan egin nuen urtebeteko praktikaldia. Ondoren, Jolas Hezi proiektuarekin ere joan naiz Ikastolara. Ikastolan hainbat aldaketa egin dituztela ikusi dut:  espazioaren antolaketaren aldetik aldaketa handiak eginda daude, baita pedagogian edota eskolak emateko moduan ere. Gorputz Hezkuntzan ere aldatu dira gauzak Ikastolan, ikasgai hori zabalago hartzen dute. Gu ikasle izan ginenean ere, Gorputz Hez.kuntzan jarduera fisiko desberdinak lantzen genituen, hori horrela da. Orain, urtarrilean, Ikastolara joango naiz beste praktikaldi bat egitera. Kasu honetan, CAP (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen unibertsitate masterra) ateratzen ari naiz, eta horri lotuta egingo ditut praktikak.

Ikastolan Batxilergoa bukatu eta unibertsiateko ikasketak egin zenituen.
Batxilergoa zientzietan egin nuen; zientziak beti gustatu izan zaizkidalako. Betidanik nahi nuen SHEE-IVEF ikastea. Justu, baina, garai hartan aldaketa bat egon zen selektibitatean. Selektibitateko aldaketarekin SHEE-IVEF egitera sartzeko nota asko igo zen. Eta notak ez zidan eman. Eta, neuk nota hobea ateratzeko ahalegin berezirik ez nuen egin. Beraz, ingeniaritza ikasten hasi nintzen.

Ingeniaritza ikasten hasi zinen, baina SHEE-IVEF ikasteko nahia ez zenuen alboratu, ezta?
Ingeniaritzako lehen urtea egin nuen, baina buruan SHEE- IVEF egiteko asmoa neukan. Ondorioz, selektibitateko nota hobetzeko erabakia hartu eta Ikastolara itzuli nintzen. Urtebete gazteagoekin selektibitateko prestatzen aritu nintzen. Matematika, marrazki, fisika… ikasgaiak prestatu nituen Ikastolan. Neuk etxean bakarrik jardun beharrean, Ikastolan,lagunartean egitea pentsatu nuen, eta horrek asko lagundu zidan. Egia esanda, Ikastolan asko lagundu zidaten prestaketan, eta ondoren behar nuen nota atera nuen SHEE-IVEFikasteko. Aurretik aipatu dudan etapa errebelde hori Batxilergoko bigarren mailan pasatu nuen; ikasketetatik pixka bat deskonektatu egin nuen, eta horrek pixka bat baldintzatu egin zuen nire nahia; agian, ez nintzen oso kontziente zer jokatzen nuen selektibitatean.

Ekintzailea izan zara. Ikasketak bukatu orduko enpresa bat sortu zenuen beste bi lagunekin.
Unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean, argi neukan irakaskuntza zela niri interesatzen zitzaidan arloa; beti gustatu izan zaidalako. Justu ikasketak bukatu eta ikaskide batek elkarrekin enpresa bat sortzea proposatu zidan, ordea: gimnasio moduko bat izango zen, entrenamentu pertsonalak-eta eskainiko zituena. Nik inoiz ez nuen nire burua horretan ikusi, baina interesgarria iruditu zitzaidan. Formatzeko ikastaro batzuk egitera joan ginen. Unibertsitateko lau urteetan eman gabeko gauza asko ikasi genituen denbora oso laburrean. Formazio horrek kirola ikusteko modua asko zabaldu zigun, era askotara. Gure enpresa zerotik hasitako apustu bat izan zen, eta hirugarrengo kide bat ere batu zitzaigun erronkara. Lokal bat hartu genuen, eta enpresaren eskaintzak harrera oso ona izan zuen. Ez genuen inoiz pentsatuko horrelako erantzuna izango zuenik. Une batean, ordea, etorkizunera begiratu nuen, eta benetan nahi nuena egiten ari nintzen galdetu nion neure buruari: 'Nora noa? Hau al da egin nahi dudan bidea?'. Enpresaren lokala txikia gelditu zitzaigun, eta apustu handiago bat egiteko garaia zen hura. Erabakia hartzeko unea iritsi zen. Beste 3 edo 5 urte enpresa hartan lanean jarraituko nuen, baina ez nuen ikusten ni betetzen ninduen lanbide bat bezala. Erabakiak hartu egin behar izaten dira batzuetan, eta horretarako garaia iritsi zen.

Erabakiak hartzen ere jakin egin behar dela, ezta?
Bai, eta batik bat horrelako erabakiak, zure etorkizunarekin zerikusia dutenak. Gauza batean gustura eta ondo ari zarenean erabakiak hartzea zaila da, baina erabakiak hartzen jakitea oso inportantea da; batzuetan zailago izaten da eta beste batzuetan errazagoa. Nik burua altxatu eta erabakia hartu nuen, bestela oraindik lokal hartan egongo ginen lanean. Oso ondo pasatzen nuen lana zen hura,eta oso aberasgarria izan zen niretzat, asko ikasi nuelako. Ez naiz damutzen bere garaian apustu hura egin izana. 

 

Orain masterra egiteaz gainera, Jolas Hezi proiektuarekin eta eskola kirolean murgilduta zabiltza.

Hiru lagun hizketan hasi, eta eskola kirolean gure ekarpena egin genezakeela ikusi genuen. Hala, Azpeitiko Kiroldegian eta eskola kirolean lana egitea erabaki genuen. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jolas Hezi proiektua irakurri eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Ez da kirolean bakarrik oinarritzen den egitasmoa, umeek abildade desberdinak eta arlo ugari lantzen dituzte: adierazpena, koordinazioa, taldelana, bakarkako lana, kooperazioa, oposizioa... Jolas Hezin jolasaren bidez egiten da LH1 eta 2ko ikasleekin. Proiektu egokia da umeek beren gorputza, mugak eta abildadeak ezagutzeko. Gero, umeek segurtasun handiago erakusten dute LH3n eskola kirolean murgiltzen direnean.

Jolas Hezi Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo ikastetxe guztiei aurkeztu genien, batzuk onartu eta horiekin gabiltza gaur egun. Oso gustura gabiltza, erantzun ona izaten ari delako eta umeak oso gustura ari direlako parte hartzen.