Ekintza ugari Euskararen Egunean

Badator abenduaren 3a, Euskararen eguna, eta urtero bezala ekintzaz betetako eguna izango dugu Ikastolan. Aurten, aurreko egunak ere ez dira makalak izan.

Guk euskaraz kantatuz babestu dute ikastolako ikasleek Euskaraldia. Euskaraz Bizi taldeak antolatutako ekimen honetan bideoz grabatu dituzte ikasle guztiak, Urkoren abesti ezaguna kantatzen, bakoitzak bere zatia. Abenduaren 3an, Xabier Egunean, orduan bai, ikasle eta irakasle guztiek batera, abestuko dute kantua, ikasle musikariek beren musika tresnez lagunduta.

Asteazken eta ostegun arratsaldeak aprobetxatu ditugu halaber, Euskaraldirako EHIk eta AEK-k elkarlenean sortu dituzten unitate didaktikoak lantzeko, ikastolaren etapa guztietan. Eta nola ez, Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrena ere gogoan izan dugu.